Ahari jokoa

  

Herri Kirol edo joko hau bi ahariren arteko borrokan datza. Ahariak aurrez-aurre jartzen dira distantzia batera eta, indarra hartuz, elkar talka egiten dute buru eta adarrekin. Ahariak kolpe izugarriak ematen dizkiote elkarri, eta esan daiteke oso ikuskizun gogorra dela, batez ere abereak maite dituenarentzat.

    Bistan denez, Ahari- jokoa (ahari-topeka Bizkaian, eta ahari- talka Nafarroan) artzaien arteko norgehiagoka zen garai batean. Baina XX. mendearen hasieran herriko plazetara jeitsi zen lehia hau. Beste Herri Kiroletan modura apustuak egiten dira eta dirua jokatzen da. Donostia, Eibar, Tolosa eta, bereziki Azpeitiko zezen plaza, moda-modan jarri ziren herri-kirolen zaleentzat. Garai bateko kronikariek ez dute aipatu ere egiten ahari-apustu konturik. 

    Ahari apusturako legeak eta baldintzak, duela urte batzuk Euskal Kirol eta Jokoetarako Federazioak argitara eman zuen Arautegian bilduta daude. Oso bitxia bada ere, "Azpeitiko Ahari apustuetarako Araudia" izenez argitaratu zen.    

     Lau edo bost apustu joka daitezke arratsalde batean. Apustua 8 kintzetara jokatzen da, 8 ekinaldietara, alegia. Arautegiak agintzen duenaren arabera, lehenengo lau botaldiak, motzean egin behar dira; eta hurrengo laurak, hirugarren epaileak aginduko duen arrastotik, luzean. Aharietako batek, jokoa hasteko beldurrez, ihesari ematen badio (askotan gertatzen den legez), beste ahalegin bat edo gehiago egiteko eskubidea izango du bere jabeak, naiz eta behin iheska hasten den aberea borrokarako prestatzea oso zaila izaten den.
    Apustua irabazi kolperik gehien ematen dituen ahariak irabazten du. Bataz beste, 30/70 kolpe inguru horretan errenditzen dira apustuan. Eta ez da izaten 8 borrokaldiren beharrik, lehenengo bi edo hiru kintzetan erabakitzen baitira erabaki beharrekoak.
  
     Kontatzen dutenez, 1912ko otsailaren 20an, 3.000 lagun bildu omen ziren Tolosako zezen plazan Astigarreta eta Altzoko bi ahari famaturen arteko desafio gogorrak ikustera. Bestalde, apustu handietan eta edozein herritako jaietan ere ahari-jokoak jendea erraz erakartzen zuen.
Apustu gogorragorik ere izan zen, kontatzen dutenez, garai batean; eta orain ere izaten da, noski. Oiartzungo Mendiolaren "Txato"k, 156 kolpe emanda irabazi omen zuen apustua. Edo, Rafael Agirre Frankok dioenez, Aiako Amunategiren ahariak 225 topekada eman omen zizkion Armendiarenari, apustua aise irabaziz. Urrestillako Jose Aranaga AUNTZAren ahariak kontrario gogorra izan zuen: 288 kolpe eman behar izan zizkion, behin batean, aurkariari.
    Artzainen arteko lehiaketa hutsa izan ziren ahari-apustuak erruz aldatu dira azkeneko urte hauetan: mendian edo auzo txikietan egiten zirenak, zezen plazan erabakitzen dira orain.
Bestalde, ez dira artzainak izaten gaur egungo ahari-jabe, baserriarekin lotura berezia dutenak baizik.
Ahari-jokorik onenak, Urbasa eta Andiako mendietatik ekartzen omen zituzten garaia bateko artzainek. Urbia eta Aralarkoak baino txikiagoak izan arren, borrokari ausartagoak ziren, eta buruz eta adarrez gogorragoak. Eta gaur egungo aker-ahari borrokalarienak ere handixe ekartzen dituzte. Arraza berezia da, nonbait.
    Urriko lehenengo igandetik eta ekainaren azkenera bitartean jokatzen dira ahari-apustuak Azpeitiko zezen plazan. 
Comments