Herri-kirolak


    
Herri kirolak euskal kulturaren adierazpen berezienetakoak dira. Beste herrialdeetan ez bezala, garai bateko bizimoduan ohikoak ziren lanak, aisialdiko jardun eta lehia bihurtu izan dira. Eguneroko lana, eta 
batez ere baserrikoa, da tradiziozko kirol honen oinarria. Herri honetan sortuak dira, bere errealitateari lotuta, ekonomiaren, kulturaren eta gizartearen arlo ezberdinetan. Herrian oso sustraituta daude, eta intentsitate handiz bizi izan dituzte herritarrek, lehia eta apustuen bitartez.
    Australian, Zelanda Berrian, Kanadan eta beste herrialde batzuetan badira aizkolariak, Europako iparraldean badira sega lehiaketak, Eskozian enborrak jaurtitzen diren kirol bat badute, baina Euskal Herriak adina herri-kirol dituen beste herrialde bat nekez topatuko dugu.
    Herri kirolak aspaldikoak direla zalantzarik ez dago, baina testigantzak oso bakanak dira. Aurkitzen dugun lehena, Iparraldean, Arrueko elizako sakristiaren atarian dagoen XII. mendeko grabatu batean agertzen da: gizaki bat harri bat jasotzen. XVI. mendean Escorialgo Monastegia eraikitzen ari ziren euskaldunak aritzen ziren kirol eta jokoen inguruko aipamenak ere badira. Pilotan, harri-jasotzen, aizkoraz enborrak mozten edo barra ahalik eta urrunen jaurtitzen aritzen omen ziren aisialdian.
    Kirol hauek guztiek indarra eta trebezia eskatzen dute, baina batez ere indarra eta erresistentzia. Beste herrialde batzuetako herri-kirolekin konparazioan askoz ere iraupen luzeagokoak dira hemen. Segalaritzan, adibidez, Europa iparraldeko ohiturari jarraituz, nazioarteko lehiaketetan frogak bost minutu eskas irauten dute, hemen berriz ordubete gutxienez.
    Euskal Herrian betidanik mirestu izan da indarra, eta honek badu bere isla kulturan eta mitologian. Gure mitologian ugari dira indar ikaragarria duten pertsonaiak.
    
    Euskal Herriko herrialde bakoitzak badu bere espezialitate bat. Adibidez, Bizkaian eta Gipuzkoan idi-probak, Nafarroan aizkolapustua, edo Iparraldean iparraldeko jokoak (lasto altxatzea, orga jokoa, ontzi eramatea, ingude altxatzea ...).
    Esan dugun bezala, zenbait lanbidetako jardunak lehia bihurtu zire, aurkarien artean apustuak egiten ziren, dirua edo aziendak jokatuz. Herri-kirolak eta apustuak uztarri berdinean joan diren bi idi bezala izan dira, banaezinak. Eta, kirol hauek gaur egun arte bizirik iraun badute, apustu hauek sortzen zuten lehia eta jakin-min horiengatik da. Marka izugarriak lortu dira tarteko zegoen apustuak eraginda.
Herri Kirol federazioak sortu zirenetik txapelketa eta erakustaldiak ugariagoak dira, eta apustuen ohitura gutxitzen ari da.