Herri-kirolak‎ > ‎

Aizkora proba

Aizkora proba
edo aizkolaritza enbor ebakitzaileen lehiaketa da, herri kirolen artean ezagunenetakoa. Helburua enbor bat edo gehiago aizkoraz ahalik eta denbora gutxienean moztea da. Enborra zutik edo etzanda egon daiteke. Aizkolaria izena du proba honetan diharduen kirolariak.
Euskal herri kirol guztietan gertatzen den bezala, aizkora proben jatorria basoan zuhaitzak mozten aritzen ziren baso-mutilen arteko desafioetan dago. Lehenbiziko apustuak oihanean bertan jokatzen ziren, baina denborarekin aizkora jokoa menditik herrira jaitsi zen. Ez zaigu ezer idatzirik ailegatu hasierako apustu hauei buruz.

Euskal Herriko aizkora-probak gehiago dira iraupeneko probak abiadurakoak baino. Herriko jaietako erakustaldietan izan ezik, iraupena beti izaten da ordu erditik gorakoa, eta gehienetan 60 minututik gorakoa izaten da. Inoiz egin den probarik luze eta gogorrenak 1983ko urtarrilaren 23an Tolosako zezen-plazan Mikel Mindegia eta Jose Mari Mendizabal jarri zituen aurrez aurre. Mendizabalek irabazi zuen bi milioi pezetako apustua, eta 4 ordu eta 12 minutuko denbora behar izan zuen, bere aurkariak baino hamazazpi minutu gutxiago.

Proben modalitateak eta baldintzak era askotakoak izan daitezke. Ebaki beharreko enbor-kopuruaz gain, apustuak laguntzailearekin edo gabe izan daitezke, aizkolari bat bikote baten aurka, bikote bat bestearen aurka, txanda librean zein txanda-aldaketaz enbor bakoitza amaitzean.
Probetan erabilitako egurra pago berdea izaten da, ageriko adabegirik gabe.

Tradizioari jarraituz, erabilitako enborren lodiera (zirkunferentzia) ontzatan neurtzen da. Neurrien gorabeherak handiak izan daitezke, 36 ontzako gutxienezkoaren eta 72 ontzako gehienezkoaren artean. 45 ontzako eta 54 ontzako tarteko neurria da ohizkoena, eta horrelako enborrekin jokatzen dira apustu gehienak.

Enborren neurria (zirkunferentzia) ontzatan adierazten da, eta honako hauek dira baliokidetzak:
Zirkunferentzia
ontzatan
Zirkunferentzia
metrotan
Diametroa
cm-tan
Izena
360,83526,6oinbetekoa
451,04332,2
541,25239,8kanaerdikoa
601,39144,3
721,66953,1oinbikoa
801,85559,0
1082,50479,7kanakoa

Euskal Herriko aizkora-probak normalean enborrak posizio horizontalean ipinita jokatzen dira.

1976an Euskal Herriko eta Australiako aizkolarien arteko neurketa jokatu zenean, Australiarrak nagusitu ziren eta garbi gelditu zen australiar aizkora Euskal Herrikoa baino askoz hobea zela. Geroztik horrelako aizkorak hasi ziren erabiltzen. 2 eta 2,8 kilo arteko pisua izaten dute eta goi mailako aizkolari bakoitzak bere ezaugarrien araberako aizkora erabiltzen du.


Aizkora proben gaineko lehenbiziko erreferentzia idatzia 1802ko ekainaren 7koa da. Egun horretan Hernaniko plazan jokatutako apustuan Ezkurrako Ramon Elizalde Astigarragako Hernandorenari nagusitu zitzaion.
XIX. mende bukaeratik aurrera euskal abertzaletasunaren hedapena herri kirol guztientzako lagungarri izan zen. Euskal jaiak antolatzen hasi ziren eta egitarauan aizkolariek ez zuten huts egiten.
XX. mendearen 20ko hamarkadan aizkora apustuak asko ugaritu ziren, Gipuzkoan eta Nafarroan batez ere. Jose Aranburu Aramendi Keixeta izan zen izarrik handiena: 31 apustu jokatu zituen eta 28 irabazi.
Espainiako Gerra Zibilaren ondoren "Arria"z gain Antonio Soraluze "Korta" eta geroago Martin Garziarena eta Juan Jose Narbaiza "Luxia" gailendu ziren. Beren arteko apustuek izugarrizko ikusmina sortzen zuten.
70eko hamarkadak berrikuntza garrantzitsuak ekarri zituen: federazioak eratzen hasi ziren, Euskal Herriko eta beste herrialdetako aizkolarien arteko neurketak antolatu ziren (1976ko Australia-Euskal Herria, Munduko Aizkolari Txapelketak) eta, aspaldiko partez, aizkolari gipuzkoar baten nagusitasuna izan zen: Jose Ignazio Orbegozo "Arria II.a".

80eko hamarkadako izarrik handiena Mikel Mindegia izan zen, hamarkadako Euskadiko Txapelketa guztiak berak irabazi baitzituen.

Comments