Herri-kirolak‎ > ‎

Gizon proba

    Gizon-proba, plaza baten alde batetik bestera harritzar bat arrastaka ahalik eta urrutien eramatean datzan herri-kirola da. Begi-bistakoa da gizonaren indarra izugarrizkoa izan behar duela horrelako harritzarrak arrastatzeko.
    Kirol honen jatorria harrobiko lana izan daiteke. Eraikuntzarako ateratzen zen harria mugitu behar baitzen, eta beste herri-kiroletan legez, lanbide horretan aritzen ziren langileen artean sortutako dema eta apustuetatik plazako lehiara igaroko zen ziurrenik. Ikertzaile batzuen arabera, XVIII. mendean baziren gizon-probak. Gerra Zibilaren aurretik erronka eta erakustaldi bitxiak izan baziren ere, gizon-probek XX. mendeko bigarren erdian izan zuten loraldia.

Harria
    Harriak gutxienez 500 kg izaten ditu proban pertsona bakarra ari bada. Baina tiraka pertsona gehiago direnean 4.000 kg ere izan ditzake, probalari kopurua eta harriaren pisua proportzionalak izaten dira. Harria errektangeluarra da, zertxobait estuagoa aurreko aldean, non zulo bat landua edo burdinazko heldulekua duen katearentzako. Kirolariak edo kirolariek kate eta kako batez bakarrik baliatuta harria arrastatuko dute. Katea erabiliz gero gerrian daramaten gerriko bati lotuta eraman dezakete, gorputz osoarekin indarra egin ahal izateko.

Probalekua
    Plazak guztiz horizontala izan behar du, maldarik gabea. Harria harkoskor biribilez osatutako zoruaren gainetik eramaten dute herrestan. Hau harriaren eta zoruaren arteko marruskadura gutxitzeko da horrela. Plazaren luzera aldatu egiten da herri bakoitzaren arabera. Distantzia 22 eta 28 metro bitartekoa izaten da, eta ‘plaza’, ‘iltzea’ edo ‘untza’ deritzo.

Dema
    Denbora jakin batean (normalean 30 minutu) ahalik eta plaza gehien egitean datza. Harria plazaren bukaeraraino iristen denean, bira eman eta hasierako puntura itzultzen dira. 
    Harriaren alde bertikaletako bat alboetako marretatik aterako balitz, “ustela” gertatuko litzateke. Hau gertatzen denean, probalariek atzera egin beharko dute, harria bere osotasunean atera den gunetik baino atzerago egon arte.
    Harria plazaren bukaeraraino iristen denean, plaza (iltzea) egin dutela ulertuko da, harriaren aurreko aldeak irteera gunearen beste aldean dagoen marka edo lerroa zapaltzen duenean.
    Denbora-epea edozein izanda ere, proba bukaeran epaileak eginiko distantzia neurtuko du, plazetan, zintetan eta zentimetrotan. Harriaren aurreko aldean urrutien dagoen zatia kontuan hartuan hartuko da. 

Historia
    Badira diziplina gogor horretan beren balentriengatik ospetsu egin diren izenak; esate baterako, Lazaro, Aitor Totorika «Markinako lehoia», Agustín Unamunzaga, Jon Olea «Sakoneta» edo diziplina horretako azken txapeldun handia, Mikel Alzola gernikarra. Gaur egun ez dago plazara agertu nahi duen kirolari gazterik, eta diziplina gainbehera garbian dago.
    Arestian aipatu dugun moduan, giza proben urte onenak hirurogeita hamarreko eta laurogeiko
hamarkadetan izan ziren. Udalek antolatutako probetara kirolari ugari aurkezten zen. Markinako lehoiak kontatu zuenez, hirurogeita hamarreko hamarkadan, Lekeition ospatu zen hirukote-proba batean, hamabi taldek izena eman omen zuten; hots, guztira 36 kirolarik.
  

GIZON PROBEN ETA ABERE PROBEN ARAUDIA

Comments