Herri-kirolak‎ > ‎

Harri zulaketa

    
Harri zulaketa denbora jakin baten, altzairuzko barra bat erabiliz, harri batzuei zuloak egitean datzan herri kirola da. Kirolariek "harri-zulatzaileak" izena hartzen dute, gaztelera barrenadores deitzen dira.
    Gainontzeko herri kirol gehienak bezalaxe, lanbide bati lotua dago kirol hau; baina, ez baserri giroko jardun bati, meatzetakoari baizik. Meategietan lanean aritzen ziren talde ezberdinen arteko lehiatik sortu ziren. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, lanbide hau nahiko ohikoa zen harrobi eta meatzeen ustiapenean. Leku horietan haitzari zulo sakonak egin behar izaten zitzaizkion, bolbora edo dinamita kartutxoak sartu eta eztanda eginaraziz, interesatzen zen harri edo mineral mota ateratzeko. Bizkaiko Meatzaldean (Urtuella, Gallarta, Galdames, Trapagaran, Muskiz,...) burdin mea zen helburu. Euskal Herriko beste leku batzuetan, berriz, batez ere Gipuzkoa eta Bizkaia artean (Markina, Deba, Itziar, Eibar, Mendaro, Elgoibar,...), eraikuntzan erabiltzen zen kareharria lortzea zuten helburu.
    Kirol legez, harri-zulatzaileen probak oso ohikoak ziren gure herrietako plazetan. Lehen komentatu ditugun eskualdeetan. Plazako lehiaketen lehen berria 1893an Ortuellan jokatutakoa da. 1930 urte inguruan, Gerra Zibila baino lehenago, harri-zulatzaileen txapelketak desagertu egin ziren. Mailu hidraulikoak eta beste makina batzuk agertu ahala harrobietan eta meatzetan zuloak eskuz egitearen beharra desagertu zen. Horren ondorioz, harri-zulatzaileen lana ere desagertu egin zen, eta badirudi izen bereko kirolariei ere gauza bera gertatu zitzaiela.
    Desagertu ostean, urte asko igaro ziren harik-eta herri honen ondare kultural eta historiko hau berreskuratu arte. Esaterako, 1978ko maiatzean, Mendaron, Trinidadeko erromerian, eta urte berean, irailean, Markina-Xemeingo Arretxinaga auzoan harri zulatzaileen erakusketak egin ziren. 1998ko urriaren 3an, Urtuellako Euskal Jaietan, herriko Autrigoiak Euskara Elkarteak harri-zulatzaile txapelketa bat antolatu zuen, lehen proba hark bultzatua, 1999an proba ofizialak eta txapelketak hasi ziren.

    Zulatzeko erabiltzen den erreminta barrena deritzo, eta bere luzera1,90 m eta 2,10 m artekoa izaten da. Bere muturra, berriz, 10 zentimetrokoa izan behar du, gehienez. Zulatzeko erabiltzen den puntak gila formakoa du.

    Zulatu behar den harria, kareharria edo antzeko gogortasuna daukan harri mota bat erabili ohi da. Txapelketa batean erabilitako harri guztiak zain beretik ateratakoak izango dira, eta antzeko datan ateratakoak, ahal dela.

    Gaur egungo txapelketek 30 minutu irauten dute eta 10 cm-ko sakonera duten zuloak egin behar dira.  Denbora horretan zulo gehien egiten dituen taldeak irabazten du. Amaitu gabe geratzen bada azken zuloa, haren zentimetroak ere zenbatzen dira.
    Harri-zulatzaileak hirunaka, binaka edo banaka aritzen dira. Azken kasu honetan probak 20 minutu irauten du. Harri-zulatzaileek takoekin eta esparatrapuarekin babestu ditzakete eskuak.
Talde bakoitzarekin botilero bat egoten da. Honek funtzio bikoitza du. Alde batetik, ura botatzen du zuloetara, barnean geratzen diren harri koskorrak ateratzeko eta ahal den heinean barrena asko ez berotzeko. Beste alde batetik, berak antolatzen ditu kirolarien txandak. Botileroak pentsatzen duenean zuloa eginda dagoela, epaileari deitzen dio neur dezan. Honek zuloa ontzat ematen badu, ziurtatzen badu 10 zentimetro sakonera duela, taldeari zenbatzen zaio.

 
   
Badirudi indarra besterik ez dela behar harri zulaketarako, baina ez da hori bakarrik, erresistentzia fisikoa eta teknika egokia ere ezinbestekoak dira. Kolpe bakoitzeko buelta txiki bat eman behar zaio barrenari. Horrela lortuko dugu zuloa borobila egitea, bestela ezin izango genuke sakontasunik lortu.

Barrena ahalik eta altuen altxatu behar da eta, zenbat eta distantzia gehiago egon barrena eta harriaren artean, orduan eta abiadura handiagoko kolpea ematen da. Beso luzeak izateak altuera hartzen laguntzen du. Bizkarra okertu gabe eutsi, barrena zuzen jaitsi eta kolpea indarrez eman. Justu une hauxe da garrantzitsuena. Barrenak harria jotzen duenean, gogor eutsi behar zaio kolpeari. Esfortzua dosifikatu behar da, erritmo azkarra eta intentsitatea proba osoan zehar mantentzeko. Kirolariaren erritmoa gidatzeko ardura botileroak du, berak antolatzen du taldea.
    Harri-zulatzaileen aro berria hasi zenetik markak gero eta hobeak dira. Adibidez, 2010ean Txorierri taldeko Iñigo Aurrekoetxeak eta Aitor de la Concepciónek binakako lehiaketan lortutako 172,40 cm-ak aipa daitezke.



Comments