Herri-kirolak‎ > ‎

Orga jokoa

    Orga jokoa, atzeko aldetik hartuz eta gurpilek lurra jo gabe, orga bati birak ematean datzan herri-kirola da. Gurtagaren aurreko punta, ‘kontza’ deritzon oinarri batean finkatuta dago, eta, birak emateko garaian, berau da ardatza.
    Herri kirol modalitate hau ere, beste gehienak bezala, baserriko lan eta tresneriaren inguruan sortutakoa da. Auzokideen arteko apustu eta desafioetatik plazako lehiara egin du ibilbidea. Kirol honen sorrera eta garapena Euskal Herriko Iparraldean kokatzen da. Bertan dago tradizio eta ofizio gehien.
    Gurdiak egurrezko egitura du. Gurtagaren muturretik kirolariaren besoek orga ukitzen duten punturaino, 4 metro eta 50 zentimetro luze izaten ditu. Lurretik hasita kirolariaren besoek orga
ukitzen duten punturaino 90 cm-ko altuera du. Orgak 350 kg inguru ditu, baina kontzan sostengatua dagoela 200 kg ditu. Azken batean, kirolariak jaso eta biraka eraman behar duen pisua 200 kg dira.
Kirolariak orgari heldulekuetatik heltzen dio, besoetan eta bularrean bermatuta, baina ezin da sorbalda erabili. Kirolariak besoak eta bularra babesten ditu, baina eskuak ezin dira babestu, eta garbi izan beharko ditu.
  
 
Kirolariak orga jasota duela, epailariak hasteko agindua emango du. Gurdia nahi den norabidean eraman daiteke, erlojuaren orratzena, edo kontrakoa. Orgaren gurpilek lurra jo gabe ahal den distantzia gehien eraman behar da, ez dago denbora mugarik. Froga orgaren gurpil batek ala biek lurra ukitzean amaitzen da, eta  egindako bidea, atzeko eta barneko aldetik neurtzen dute epaileek. Ekitaldi bat ontzat jotzeko, jokalariak gutxienez zirkunferentzia laurdena egin beharko du. Bira bakoitzean 28 m inguruko distantzia egiten da. Markak neurtzeko, bira osoak, laurdenak, erdiak, edota hiru-laurdenak, gehi metro eta zentimetroak  erabiltzen dira. Proba  hoberenak 4 itzulitik gorakoak dira, 120 metro ingurukoak.

    Kirolariak laguntzaile bat eraman dezake probara, baina honek, ezin izango du ez orga ezta
kirolaria ere ukitu.
    Orga jokoa indar erakustaldi bat da, izugarrizko indarra egin behar baita 200 kiloko gurdia jaso eta ardatzaren inguruan birak eramanarazteko. Kirolariaren gorputz osoa izan behar da indartsua, baina batez ere hanketan. Garrantzitsua izaten da, eusterakoan kirolaria ongi kokatzea, oreka ez galtzeko; besoak irekiak eta erdian jarrita. Erritmo egokia hartze komeni izaten da: ez azkarregi, ez mantsoegi.

Comments