Herri-kirolak‎ > ‎

Sega jokoa


Sega-jokoa, segalari proba edo segalaritza, sega erabiliz denbora jakin batean ahalik eta belar gehien moztean oinarritzen den herri kirola da.
 Euskal Herriko larre aldapatsuetan belarra moztea lan nekeza da eta izan da baserritarrarentzat, mozketa azkar egin behar da, bai eta bilketa ere, bat-bateko euriak hondatzea saihesteko. Lan honetatik sortu zen euskal kirol ezagunenetakoa: "sega-apustua".
Duela urte gutxi arte, lehiaketa-modu bakarra apustua zen, herri-kirolaren gainerako modalitateetan gertatu den bezala. Lehenengo lehiaketa, gurutzatutako diru-kopuruekin izan beharrean diru-sariekin eta hainbat parte-hartzailerekin, Gipuzkoan izan zen 1954ko ekainaren 11n.

Lehiaketetako segaren ahoak normalean 1,18 metro inguru ditu eta kirtenak berdin. Kirtenak muturrean eta erdi aldean eldu-lekuak izaten ditu, sega bi eskuekin ongi eusteko.
Segalariak gerrian sega-potoa eramaten du. Sega-potoa segarria eramateko egurrezko ontzia da (antzina adar-mutur bat erabiltzen zen). Segalariak sega-ahoa kamusten hasten zaionean segarriarekin  zorrozten du.


Probarako ematen den denbora ordu betekoa izaten da gaur egun. Mende hasieran normalak izaten ziren bi orduko iraupeneko apustuak. Bataz beste Euskal Herriko txapelketa batean segalari batek 3000 kilo belar ebaki ohi ditu saioko. Saio hauek iraupeneko probak direla esango genuke. Behin amaitu ondoren gizon-talde batek aurkari bakoitzak moztutako belarra bildu eta epaileak pisatu egiten du. Tradizioari jarraituz pisu erromatarra erabiltzen da.

Nazioarteko lehiaketetan araudia ezberdina da, eta  segalari bakoitzak belardiaren eremu jakin bat ahalik eta azkarren ebaki behar du. Banakako lehian, gizonezkoek 100m
2 -ko barrutia eta emakumezkoek 35m2-koa segatu behar dute. Taldekako txapelketetan, 4 segalariz osatutako taldeak izaten dira, eta, gizonezkoek 200 m2 -ko eremua ebaki behar izaten dute, eta emakumezkoek 120m2 -ko eremua.
Betidanik, segalari-probak udazkenaren hasieran izaten dira, belarra gehienezko hazkunde-puntura iritsi den garaian eta, gainera, gazteek baserrian lan handiena izan eta horrenbestez ezin hobeto entrenatuta daudenean.
Belarra mozteko proba oso gogorra da parte-hartzaileentzat. Atletaren gorputza, proba osoan zehar, gerritik doblatuta dago. 



Bertsolaritzak ekarri zizkigun segalariei buruzko lehenengo berriak. Pello Errotak apustu bat kantatu zuen 1880an, Iturriotzen, Izuela izeneko batek irabazitakoa.
Pedro María Otaño Ezeiza, "Santa Ageda" handia, Beizamakoa, aizkolari mitikoa, segalari txapeldun handia ere izan zen, bere garaian parekorik izan ez zuena.
Garai guztietako segalari-lehiaketetako proba gorena Iturriozko zelaian 1925eko irailaren 28an astelehenean egindakoa izan zen. Sei mila pertsona bertaratu ziren ikustera eta, esaten dutenez, apustuek garai hartako 150.000 pezetatik gorakoak izan ziren. Protagonistak Pedro Mendizabal, "Lokate", Aiakoa, eta Jose Arrieta "Pantxesa", Urnietakoa, izan ziren. Mendizabalek irabazi zuen, zeinak bi orduko lehiaketan 4.294 belar kilo moztu baitzituen, bere arerioak 3.957 moztu zituela.
Gerra zibilaren aurreko beste zenbait segalari ospetsu "Amexketa", Florentino Mayoz, "Ondartza", Olazabal eta abar izan ziren. Gerraren ondoren "Aikao txikito", Egiguren, "Lizume", "Ibiya", "Izurzu", "Polipaso", Eleuterio Tapia, "Paskualsoro", Otegi eta Bernardo Irastorza aipa ditzakegu.
Gaur egun desafioak ia desagertu egin dira, eta segalariek lehiaketa ofizialetan praktikatzen duten beren kirola.

Comments