Pilota jokoak‎ > ‎

Errebotea

Errebotea egun jokatzen diren pilota jokoen artean zaharrenetakoa da. Plaza libreko jokoa zuzena da, bi talde daude elkarren aurrean jarrita, bakoitza bere eremuan.  Pilota alde batetik bestera botatzen da, eta eskularruekin eta zumezko xisterekin jotzen da. Pilotaren sorreratik XIX. menderaino jokatu diren pilota modalitate guztiak joko zuzen moduan jokatu dira.

Errebote izena, sakea egiteko modutik datorkio: sakea egin ondoren, aurkariak errestatu aurretik, pilotak frontisean jo behar baitu.

Pilota joko modu hau oso ikusgarria da,  eta zaletasun handia zuen Euskal Herriko leku askotan. Plaza handi eta luzeak behar ditu jokatzeko eta horietako gutxi geratzen dira. Ipar Euskal Herrian herri askotan dago zaletasuna eta jolas taldeak badaude oraindik, baina Hego Euskal Herrian ez hainbeste.


XISTERA ETA ESKULARRUAK

Xisterek edo eskularruek pilotariak gogokoen duen forma izan dezakete. Talde bakoitzak bost jokalariz osatua dago: hiru jokalarik Joko-garbiko xisterekin eta beste biak eskularru motzarekin jokatzen dute.

Xisterak erremontekoaren itxura du baina laburragoa da. Xisterarekin jokatu ordez eskularru luzearekin joka daiteke; behi-larru gogortuz egina egoten da eta bere neurriak xisteraren antzekoak dira.

Eskularru motza behi-larru gogortuz egina dago, eta forma aldetik konkortua da, erreten bat eginez. Zabala da, pilota errazago gelditu ahal izateko.  


JOKALEKUA

Erreboteko plazak 100 bat metroko luzera izan behar du eta  16 metro zabal gutxienez. Pilotaleku hauek errebote horma edo frontis bat dute alde batean.  Pasamarrak jokalekua bitan banatzen du: txikienak, pasamarratik frontisera gelditzen denak, 32 m ditu eta errestoari dagokio; eta handienak,  68 m ditu, eta sakeari dagokio. Zoruak laua izan behar du pilotak behar bezala eman dezan punpa. Erreboteko hormaren inguruan barnea edo koadroa izeneko eremu errektangeluarra dago zoruan.


JOKALARIAK

Talde bakoitzean 5 jokalari arituko dira: xistera edo paretakoa, xistera edo errebotekoa, xistera, gelditzailea eta sakatzaile-gelditzailea. Partidan zehar jokalariak bere eginkizuna eta kokapen alda dezakete.


JOKOA

Espezialitate zuzen guztietan pilotariek aurkariaren joko-eremura bidali behar dute pilota. Errestokoen jokalekua sakekoenarekin alderatuz askoz txikiagoa da, beraz errestokoek abantaila dute eremu txikiagoa babestu beharko baitute. Baina erreboteak badu modua egoera hau aldatzeko, hau da, taldeek zelaiez aldatzeko: hau arraia da.

Tantoak kintzeka kontatzen dira (tenisean bezala): 15, 30, 40 eta jokoa. Bi taldeak 40ra berdintzen badute, atzera 30na jarriko dira. Partidak 13 jokora jokatzen dira.

Botarria, sakean jaurti aurretik, pilota bertan punpa egiteko erabiltzen da. Botarria pasamarraren erdian jartzen da, baina atzealdeko euskarriak sakeko kantxaren gainean egon behar du.

Sakea eskuz egiten da. Sakea egiten duen pilotariak jaurtitako pilotak barnean edo koadroan egin behar du punpa, bai zuzenean bai erreboteko horma jo ondoren. Errestatzaileak lehenengo punpan jaso behar du pilota, eta, beti ere, erreboteko horman jo ondoren.  

Erreboteko tantoak bi eratara amaitu daitezke: kintze batez edo arraia batez.

Nola egin kintzea?

  • Jokalari batek pilota bota eta botea plazatik kanpo egiten badu, kintzea kontrarioaren alde.

  • Errestokoen pilotak pasamarra igaro eta sakekoek ez badute erantzuten edo pasamarra pasatzen ez badute, kintzea errestokoen alde.

  • Sakekoek sakatu eta ‘barnera’ heldu ondoren errestokoek ez badute erantzuten, kintzea sakekoentzat.

Nola egin arraia?

  • Arraia egitera sakekoek behartzen dute, errestoaren kalterako.

  • Sakatzaileak ‘pikea’ (frontisa eta zoruaren arteko angelua jotzea) egiten duenean.

  • Errestoko jokalariak behin pilotak bere zelaian botea egin ondoren, pilota itzultzen ez duenean edo erantzutean pilotak ez badu pasamarra igarotzen.

  • Sakeko jokalekutik datorren pilota bat, errestoaren jokalekuaren barnean botea eman eta ‘pasamarra’ igaro arren ’barnera’ iristen ez denean.

  • Errestoko jokalariek ‘piedre’ (pilotari batek pilota bi aldiz ukitu edo bota ondoren taldekide bati jotzen dionean) bat egiten dutenean.

  • Errestoko jokalekuan pilota bat geratzen denean edo bi bote eman ondoren jotzen denean.

Arraia non markatu?

Arraia beti errestoaren zelaian egiten da. Arraia egitean, pilota gelditutako toki aurrean edo zelai ertzeko marra (exkaxa) pasa duen tokian, abartxoa jartzen da.

Arraia egiteak zein ondorio ditu?

  • Lehenengo ondorioa taldeek jokalekuz aldatzea da. Hau da, arraia egin ondoren, arraia jokatu behar denean zelai trukaketa burutuko da. Baina, arraia ez da jokatuko arraia egin ondoren berehala, baizik eta, taldeetako bat 40ra iristean edota bigarren arraia bat egitean, eta orduan aldatuko dira jokalekuz taldeak.

  • Bigarren ondorioa, pasamarra lekuz aldatzea da. Arraia jokatu behar denean, jokalariak zelai trukaketa egiten dutenean, pasamarra errestokoen jokalekuan arraia egin den lekura eramango da,  eta arraia jokatu ondoren bere lekura itzuliko da.

  • Arraia bat jokatzean beti kintze batez bukatuko da.


Ulertzekoa da, beraz, sakekoen ahalegin guztia arraia bat egitera bideratzea, lehenbailehen lehen zelaia trukaketa egin dezaten. Sakekoek nahiago izaten da arraia bat egitea kintzea lortzea baino, arraia egiteak jokaleku hobean kokatzea ekar diezaiekeelako.


Comments