Pilota jokoak‎ > ‎

Erremontea

    Erremontea zeharkako pilota jokoaren aldaera bat da, xistera handia izeneko saskiarekin jokatzen den pilota jokoa. Erremonte-xistera Juan Moya Bernedo (Iruña 1879) pilotariari zor zaio. XIX. mendearen amaierako hamarkadetan oraindik eskularruz egiten baitzen erremontean. Iruñeko Juego Nuevo pilotalekuan ari izaten zela, saskigile bati zesta puntako xisteraren antzerako bat enkargatu zion, eta 1904ko udaran erreminta berria estreinatu zuen. Denbora laburrean pilotari guztiek hartu zuten tresnatzat.



    Xisterak gaztainondo zurez eta ihi zuntzez egiten dira. Osagai ugari ditu: uztaia, saihetsak, ziria, eskularrua eta xistera estaltzen duen ehuna.

    Pilota xisteraren behealdetik sartzen da eta puntatik irteten da etengabeko mugimendu batean.

Pilotak, 115-117 gramo inguruko pisua du eta 6,1-6,3 cm-ren tartean dago bere diametroa.

Ezker paretako frontoi luzean jokatzen da. Kontrakantxa erabat estalita egoten da sare baten bidez. Izan ere, pilotak hartzen duen abiadarekin, sarerik ez balego ikusleak arriskuan leudeke.

Pilotariek kasko bat erabiltzen dute segurtasunerako, erremintazko beste hainbat espezialitatetan bezala, zesta-puntan eta palan kasu.

    Partidak binaka edo buruz buru joka daiteke.         Ohikoena bikoteka jokatzea da. Bikote bakoitzean aurrelari bat eta atzelari bat egoten dira. Sakea aurrelariari dagokio. Atera aurretik egiten den punpa frontisetik 44 metrora egin behar da eta frontisa jo ondoren, 16 metrora dagoen falta-marra eta 28 metrora dagoen pasa-marraren tartean egin behar du punpa. Gero, beste bikoteko jokalarietako batek, kantxan bigarren punpa egin aurretik, pilota bere xisteran irristaraziz, frontisera jaurtiko du. Pilotak frontisa mugatzen duten txapen artean jo behar du, eta kantxan berdin, eskuineko txapa gainditu gabe. Frontisa eta kantxa mugatzen duten txapa ukituz gero txartzat ematen da. Eta horrela jarraitzen du partidak,  35 puntura iritsi arte buruz-buruko partidetan eta 40era banakakoetan.

    Gaur egun, ez da ikusle asko mugitzen duen pilota modalitatea.

Erremonteak eman duen pilotaririk onena Jesus Abrego (Arroniz, 1910 - Donostia, 1997) izan omen da. 25 urtez iraun omen zuen bere nagusitasuna. Azken garaietako erremontistarik onena Jose Koteto Ezkurra (Doneztebe, 1973) izan da, 10 txapela irabaziak baditu jada.


Argazkiak: www.http://elremonte.blogspot.com.es
Comments