Pilota jokoak‎ > ‎

Eskupilota

    Esku pilota edo esku huskako pilota, modalitaterik naturalena da. Zeharkako joko-mota honetan, eskua bera da kolpea eman, pilota hartu gabe, eta pilota frontisera jaurtitzen duena. Gaur egunean modalitaterik garrantzitsuena da eta hamaikatxo jarraitzaile ditu.

    Pilotak, guztiek kiskia izeneko bolatxo gogor bat izaten dute bihotzean. Hau kotoizko edo artilezko harizko geruza batez inguratzen da, eta azkenik, eskuz josten den ahuntz larruzko estalkia jartzen zaio. Frontoi motzean erabiltzen diren pilotak 101-107 g inguru izaten dute, eta 6,2-6,4 cm-ko diametroa. Trinketean erabiltzen direnak 95 g eta 6 cm-ko diametroa izaten dute gutxi gorabehera.
    Lehiaketetan parte hartzen duten pilotariek esparatrapuz eta takoz (material indargetzailez egina) osatutako geruza batez babesten dituzte eskuak.
    Modalitate hau jokatzen den jokaleku ohikoenak ezker paretakoko frontoi motza eta trinketea dira; lehena hegoaldean jokatzen da batez ere eta bigarrena iparraldean.
    Bi jokalari, buruz-burukoan, edo bi bikote, binakakoan, elkarren kontra arituz jokatzen da. Binakako partidetan, ezker paretan nahiz trinketan jokatu, pilotari bat aurrean eta bestea atzean kokatzen da, eta kokaleku horietara espezializatuta egoten dira bere ezaugarrien arabera.
    Sakea ateratzeko lehenik pilotak lurrean botea eman behar du. Falta-marratik ateratzen da eta frontisean punpa egin ondoren, falta-marra eta pasa-marren artean sartu behar da. Bikoteka jokatzen denean sakea aurrelariari dagokio.

    
Elkarren aurka diharduten bi alde horiek, txandaka, pilota bat kolpatzen dute. Pilotak frontisean txapek mugatzen duten eremuan jo behar du; pilotak frontisean jo aurretik edo ondoren ezker pareta ukitu dezake. Ondoren, pilotariak, pilotak lurrean bigarren botea egin aurretik eman behar dio. Normalean lurrean punpa bat egin ondoren ematen zaio, baino pilota frontisetik zuzenean datorrela ere eman daiteke; honi airez jotzea deritzo. Bi aurkarietako batek huts egiten duenean, pilota txapek mugatzen duten eremutik kanpo bidaliz edo bigarren botearen ondoren emanez, besteak puntua lortzen du, eta sakea aterako du.

    Partidak ez dute denbora mugarik eta, ezker paretan, 22ra izaten dira normalean, baina 18ra ere izan daitezke. Trinketean, buruz buruko partidak 40ra eta bikoteka jokatzen denean 50era izaten dira.

    Ezker paretako esku pilotaren historiak eman duen pilotaririk nabarmenena Mariano Juaristi (Atano III) izan da, 1904an Azkoitian jaio. Berak ekarri omen zuen eskupilotara iraultza, bere azkartasuna, bere kantxan egoteko modua, bere estrategia, bere nortasuna eta bere dotoretasuna zela medio.
    Ondoren ere izan dira pilotari handiak: Miguel Gallastegi (3 txapela), Hilario Azkarate (6 txapela), Ignacio Retegi ‘Retegi I’ (6 txapela), Julian Retegi ‘Retegi II’ (11 txapela).
    Azken hau, Julian Retegi Barberia edo Retegi II.a (Eratsun, Nafarroa, 1954) historiako aurrelaririk hoberenetakoa izan da, askorentzat onena. Buruz buruko 11 txapela (9 jarraian, 1980tik 1988ra), binakako 5 txapel eta lau t’erdiko 4 txapela irabazi ditu.
    Gaur egun punta-punta dabiltzan pilotariak: Aimar Olaizola (Olaizola II), Abel Barriola eta  Juan Martinez de Irujo nafarrak, eta Yves Sallaberry (Xala) lapurtarra dira.
    Trinketako esku pilotan pilotari nabarmenenak hauek ditugu: Leon Dongaitz (trinketeko lehoia), Martin Harnbillet, Agustin Darraidu (trinketako aristokrata), Juan Bautista Haranbillet, Pierre Etxebaster, Jean Urruty, e.a.
Comments