Pilota jokoak‎ > ‎

Historia

    
Euskaldunek sortutako pilota jokoek osatzen dute euskal pilota. Pilota jokoa zibilizazio anitzetan ezagutua eta jokatua izan da, aisialdirako, ariketa fisikoa egiteko nahiz demarako. Joko unibertsala den neurrian Euskal Herrian ere antzinatik jokatu izan da pilotan, eta ezaugarri propio batzuk osatzen joan da.

    Jose Zufiaurre etnografoak dioenez, pilota jokoa artzain euskaldunek historiaurretik jokatu izan dute. Mugatutako zelai edo soroetan aritzen ziren denbora pasa, deman eta lehian, aurkariak pilotari eskuz ematen ziotela jokatzen omen zen.  

    Identifikatuak daude hainbat pilotaleku mendietan, batik bat artzaintzarekin lotutako larretan, kokagune megalitikoen inguruan. Neolito garaiko soro errektangeluar  hauek,‘pilotasoro’ edo ‘sorhopilak’ bezala ezagutzen dira.

    Euskal mitologiako elezaharrek ere pilota jokoaren aipamena egiten dute,  antzinako euskal arrazaren irudikapen diren Jentilak, pilota jokoan agertzen zaizkigu eta..

    Euskal Herriari dagokionez, idatzizko lehen aipamena pilotari dagokionez, VI. mendekoa da, Leovigildo-ren garaikoa, non Vitoriacon preso hartutako Iparraldeko  baskoi batzuk irakatsi zien pilotan jokatzen Leovigildori.

    Frantzia da aitzindari pilota jokoan, bertan garatu zen Jeu de Paume izenarekin harik eta gaur egungo jokoekin nola halako antzekotasuna izan arte. Bi modalitate izan ziren, zehazki: “la longue paume” eta “courte paume”. XII. eta XIV. mendeetan, “paume” jokoa Frantzia osoan zabaldu zen. Hemen du jatorria mundu guztian ezaguna den tenis jokoak.

Garai batean, jokoa zuzena zen, hau da, bi taldek aurrez-aurre jarrita jokatzen zuten, eta eskularruz babesten ziren, bestelako tresnarik gabe. Euskal Herrian, batez ere bote luzean jokatzen zen, Frantzian jeu de paume zeritzonaren euskal moldaketa.

    Joku mota honen inguruan, gure herrian aurkitzen dugun lekuko historiko bat, Felipe III errege ezkontidearen, Nafarroako Juana IIaren senarraren (1343-1349), garaikoa da. Erregeak, 1331an Iruñako Domingotarren klaustroan oholtza baten eraiketa agindu zuen, gortean zeudenak “jeu de paume” praktikatzen ikusteko asmoz.

    Gainera, Nafarroako hiriburuko artxibotik ateratako dokumentu batek data haietan Oliteko Gazteluan jokatzeko esparru bat antolatu zela adierazten du. Errege jauregi hau Carlos III “Zintzoak” (1387-1425) aginduta XIV mendearen bukaeran eraldatua izan zen. Dirudienez, jauregiak jokalekua mantendu zuen, jolas honen zaletua baitzen.

    XV. mendeko dokumentu batzutan agertzen da Inglaterrako erregea zen Enrike VII-garrenak (1457-1509) bere frontoi jokoetan eskainitako laguntzagatik ‘Vizcaino’ deituriko bat saritu zuela. Ez dago zalantza handirik euskal jatorrikoa zela pilotan aditu hau, beraz, garai honetan pilota jokoak bazituen jarraitzaileak Euskal Herrian.

    Andrea Navvagiero Venezian Gaztelako enbaxadoreak  adierazi zuen bezala, herri xehea ere pilotarekin dibertitzen zen,  eta honako hau adierazi zuen Euskal Herritik 1528an igarotzean: ”Beren etxeen aurrean, esparru karratua daukate, alboetan itxita dagoena, eta bertan ez dira animaliak sartu behar. Toki hau hostoez egindako oheaz estalita dago, beraz ez dago aldaparik, eta areaz estalita dago tokia lehor mantentzeko”, “egunero jokatzen zen pilotara, boloetara eta beste jolasetara”.

    1557an, García Hurtado de Mendozak, Txileko gobernadore arabarrak, 3.000 pilota eramanarazi zituen Europatik Txilera, inmigranteek pilotan jokatzeko aukera izan zezaten, oso pilota gutxi baitzuten bertan. Datu honek ere, pilotarako euskaldunek zuten zaletasuna berresten digu.

1629an, Garrisen (Iparraldean) Guillermo Diriarteren hilobia aurkitu zen, pilota batez eta eskularru batez hornituta.

    1680an, berriro Iruñan, Puente la Reinako botikari batek Justiziaren aurrean isuna jarri zuen, dirudienez, pilotariek “kale osoa okupatzen dutelako eta inor pasatzen ausartzen ez da” eta.

    XVIII. mendean, frantziar iraultzaren mendean, pilota jokoaren gainbehera etorriko da Europan zehar. Euskal Herria aldiz, pilota jokoa bizi molde baten ezaugarria zen eta ez zuen beherakadarik jasango. Garai honetan, Juan Martín Inda, goitizenez Perkain, Aldudekoa ( Nafarroa Behera), guregana iritsi zaigun lehen pilotari ospetsuetakoa dugu.

    1720an partida ospetsu baten lehen aipamena agertzen zaigu: Juan Ignacio de Iztueta zaldibiarrak, gipuzkoarren eta nafarren artean Hernanin jokatutako partidaren berri emango digu bere ‘Gipuzcoaco Dantza gogoangarrien Condaira edo Historia’ obran.

    Donostian pilota zaletasuna oso  herrikoia omen zen. Joaquín Ordóñez  izeneko apaiz batek honako hau idatzi  zuen 1761ean: “hiri honetan dauden dibertimenduetatik, nagusiena eta  sustraituena, pilota da, bai palakoa  eta eskukoa… eta honela, probintzia  osoan pilota joko ospetsuak daude,  bai lauzatuak, edo ikusleentzako aulkiak dituzten harmailak dituztenak ere… eta badaude herriak zeinetan hoberena nor den ikusteko bi jokoetara jolasten den, partida gogorrak egiten dira…”

   Pilotaren benetako iraultza, XIX. mendean berori egiteko kautxua erabiltzen hasi zenean etorri zen. Izan ere, pilotak, astunak eta motelak baziren, handik aurrera, pilotaren nukleoa kautxuarekin eginez, askoz arinagoak eta biziagoak bilakatzen dira, urrutirago jaurtitzeko ahalmena lortuz. Honek, 1800. urtearen inguruan, ekartzen du lehenengo urratsa tresnen eboluzioan, eskularruak luzexeagoak egiten hasten dira, beraz bada, pilota kolpatu baino, «xirrist» egiten, hau da, erremontatzen dute pilota.

    1858. urtean, «Gaintxiki», Senpereko (Lapurdi) arotz batek, zumitzez egindako lehenengo xistera bat eraikitzen du. Xisterarekin, pilota urrunago  jaurtitzeaz gain, askoz hobeto kontrolatzen zuten pilotaren norabidea. Aitzinean, mende askotako eskularruaren hegemoniari amaiera emanez, ‘joko garbi’ko xistera tresna arrunta bilakatuko zen Euskal Herriko plaza guztietan.

   Honela, 1860. urtearen inguruan, pilotak egiteko material berriari esker eta xisteraren asmakuntzaren ondorio gisa, pilota-jokoan aritzeko beste era bat sortzen da, sistema iraultzaile bat: «Bleka» edo «pleka». Sistema hau, funtsean zera da: edozein pilota-mota, eskuz nahiz tresnaz baliatuz, pilotariak pareta baten kontra aritzen direnean, hots, aurrez aurre  jokatu beharrean. Jokoak beraz, ezbairik gabe, sistema honekin lortu du erabateko identitate euskalduna, inon ezagutu ez den pilota-joko sistema hain zuzen.

    1877. urtean, Donostian eraiki zen Atotxako frontoian, lehenengo aldiz ezker pareta erantsiko zaio frontisari, beste pauso bat emanez frontoi modernoarako transizioan. Zenbaitek pilotaleku honetan kokatzen dute euskal pilota joko modernoaren jaiotza.

    Hainbat arrazoiengatik XIX. mendearen azken hamarkadetan pilota jokoak izen ona hartu zuen, eta euskaldunen jai nagusia bihurtu zen. Garai honetan, finkatu ziren pilotaren modalitaterik adierazgarrienak: eskupilota, pala, erremontea eta zesta-punta. Modalitate horiek munduko bazter askotara zabaldu ziren eta, horien artean, zalantzarik gabe, zesta-punta izan zen mundu zabalean gehien hedatu zena.

    1900eko Udako Olinpiar Jokoetan, Parisen, lehenengo aldiz izan zen pilota joko olinpiko, eta bai azkenekoz ere (erakusgarri soiltzat agertu zen 1924ko, 1968ko eta 1992ko olinpiar jokoetan).

XX. mendearen hasieran, pilotari profesionalak hasi ziren, eta pilotari afizionatuen arteko lehiaketak ere. Era guztietako torneo eta txapelketak sortu ziren, federazioek edota enpresek sustaturik. Zaletasuna izugarri zabaldu zen, baina aldian behin izan dira goialdiak eta gainbeherak.

    Gaur egun, pilota eskolak, federazioak eta enpresak direla medio une oparoak bizitzen ari da; eta gainera, telebistaren bidez zale anitzengana iristen da ikuskizuna.


Argazkiak: Ramos Jesús, Sagüés Xabier: Aintzinako Euskal Herriko Bizimodua Postal Irudietan. Ortzadar, Iruñea. 1999

Comments