Pilota jokoak‎ > ‎

Zestapunta






Zesta punta , xistera handia izeneko saskiarekin jokatzen den pilota jokoa da. Kirol honi, Jai Alai ere esaten zaio nazioartean, eta hala da ezaguna Euskal Herritik kanpo.

XIX. mendearen azken aldera Buenos Airesen zebilen pilotari bat, Melchor Guruceaga, zumezko xistera luzea lantzen hasi zen, eskumuturra apurtuta zeukan aldi batean. Hortik dator zesta-punta modalitatearen jaiotza. Ameriketan izan den lehen zesta-puntako frontoia Habanako Fronton Jai-Alai dateke, 1901ean irekia. Jokoaren ikusgarritasuna eta egiten ziren apustuak sortzen zuen negozioa  zela medio, arrakasta handia izan zuten Kuban, eta negoziogileak, eman zitzakeen irabaziez ohartuta, laster eraman zuten AEBetara. Zesta-punta jokatzeko hamasei frontoi izan dira Estatu Batuetan, garrantzitsuenak Miamikoak (Florida). Euskal Herrian Markinako ‘unibertsitatetik’ zesta-puntako pilotari ugari atera da, eta munduan zehar maisutasuna erakusten ibili izan dira.

Munduko joko bizkorrena omen da, pilotak hartzen duen abiadura dela-eta, 300 km/h baino abiadura hartu izan baitu pilotak. Ziurtatuta dagoen markatako bat, Jose Ramon Arietok Newporteko Jai Alain, 1979ko abuztuaren 3an jaurtitako pilota batek 302,4 Km/h (188 milia orduko) abiadura hartu omen zuen. Jokoaren bizkortasun eta ikusgarritasunaren adierazgarri noski!


Zesta puntaren ezaugarri nabarmenena saskia bera da. Saski honek, plaza-libreko ‘joko garbi’ xisteran du bere jatorria. Saskiaren ezaugarrietako bat bere poltsa da. Saskiaren erdialdean dago poltsaren zatirik sakonena, 15 zentimetroko sakonerarekin. Pilota, saskira puntatik sartuta, hortxe hartzen da, eta saskiaren muturreraino bidaltzen da, zuzen frontisera bideratzeko.

Ahuntz larruz estalitako pilotak, 125-130 gramo inguruko pisua du eta 6,2-6,4 cm-ren tartean dago bere diametroa.

Plaza libreko frontoian jokatzen bada ere, ezker paretako frontoi luzean jokatzen dena da ezagunena. Pilotalekuak 54 metroko luzera du, eta ezker paretan 13 koadrotik 15era arte adierazita daude. Frontisaren altuera 10,50 metro ingurukoa da. Kontrakantxa, berriz, erabat estalita egoten da sare baten bidez. Izan ere, pilotak hartzen duen abiadarekin, sarerik ez balego ikusleak arriskuan leudeke.

Pilotariek kasko bat erabiltzen dute segurtasunerako, erremintazko beste hainbat espezialitatetan bezala, erremontean eta palan kasu.

Ezker paretako frontoian jokatzen denean binaka edo buruz buru joka daiteke. Ohikoena bikoteka jokatzea da. Bikote bakoitzean aurrelari bat eta atzelari bat egoten dira. Jokalaririk zaharrena duen bikoteak gorriz jokatzen du eta besteak urdinez.

Sakea aurrelariari dagokio. Atera aurretik egiten den punpa frontisetik 42-44 metrora egin behar da eta frontisa jo ondoren, falta-marra eta pasa-marraren tartean egin behar du punpa. Gero, beste bikoteko jokalarietako batek hartu behar du pilota bere saskiaren poltsan, pilotak saskiaren poltsa barnean punparik egin gabe eta kantxan bigarren punpa egin aurretik. Pilota nola jaso, hala jaurtiko da; hau da, errebesez jasotzen bada, ezin da eskuinez jaurti, eta alderantziz. Pilotak frontisa mugatzen duten txapen artean jo behar du, eta kantxan berdin, eskuineko txapa gainditu gabe. Frontisa eta kantxa mugatzen duten txapa ukituz gero txartzat ematen da. Eta hala jarraitzen du partidak,  25 puntura iritsi arte buruz-buruko partidetan eta 35era binakakoetan .

Zestapuntako maisu handiak: José Apesteguy ‘Txikito de Cambó’ (Kanbo, Lapurdi, 1881- Maule, Zuberoa, 1967), Eusebio Gárate Ugarteburu “Erdoza Menor” Markinakoa (1889-1943), Eloy Gaztelumendi Mitxelena (Irun 1880), Guillermo Amutxastegi San Martín (Ondarroa 1910), Estanislao Maiztegi ‘Pistón’ (Arrasate 1913), Iñaki Osa Goicoetxea (Zumaia 1980) 8 txapela irabazi dituena.


Argazkiak: elcorreo

Comments